Kategoriaren artxiboak: ARGAZKIAK

Ez gaude lo!

Joan den udazkenetik bloga hibernatzen eduki dugun arren, antiguaOtarrak ez da lo egon. Hilabete hauetan barne antolakuntzaren hainbat atali heldu diogu funtzionamendua hobetze aldera. Bilera maiztasuna, bakoitzaren inplikazio maila, helburuen arteko lehentasunak, produktuak aukeratzeko irizpideak, beste kontsumo taldeekin harremanak… horrelako gaiak behin eta berriz ditugu hizpide gure artean baina honek, oztopo izatetik urrun, indarberritu egiten du taldea.

Azken aldian, ekoizleekin harremana indartzea zen gure kezketariko bat eta horri ekin diogu buru belarri: baratzaren planifikazioa, ekoizleekin bilerak… Honekin, sortzen ari den harremana sendoa izateaz gain atsegina izaten ari da eta horren froga bezala joan den larunbatean Jexux arrautza ekoizlea eta bere familiarekin “Han goiko arrautzak” ezagutzeko egin genuen bisitaren argazkiak ikus ditzakezue (sakatu hemen).

Horretaz gain, bigarren urtez antiguako jaietan antolatu genuen Patata Tortilla lehiaketaren argazkiak ere zintzilikatu dizkizuegu (sakatu hemen). Oso giro ona sortu zen partaide asko eta dastatzaile gehiagorekin, pertsonai mitologikoen bisita eta guzti! Mila esker parte hartzaile guztiei eta baita argazkilariari ere!

Hemendik aurrera bloga ere indarberritu nahi dugu interesa duzuen guztiei ikastaro, artikulu, hausnarketa eta taldearen ekintzak helaraziz. Horretarako denon laguntza izango da ongietorria. Beraz, anima zaitezte iradokizunak egin edo gurekin partekatu nahi duzuen informazioa bidaliz!

Ondo izan eta on egin!

antiguaOtarraken pintxoak: Tipula mermelada antxoa patearekin


Kaixo!
Esan bezala, aurreko igandean Antiguako San Juan jaietan parte hartu genuen informazio postu bat jarriz. Oso egun polita pasa genuen! Argazkiak hemen sakatuz ikus ditzakezue.
Informazioa zabaltzeaz gain, kontserba ikastaroan prestaturiko errezetekin egindako pintxoak ere eskaini genituen eta arrakasta handia izan zutenez zuekin konpartitu nahi ditugu.
Errezeta hauen bidez, urtaro batean ugari diren produktuak beste garai batzutan eskuragarri izan ditzakegu!Ideia hau oso lagungarria da garaian garaiko eta tokian tokiko produktuak kontsumitzeko erabakia hartu dugunontzat beraz aurrerago ere jarriko ditugu ikasitako errezeta gehiago! Ona hemen gaurkoa:

TIPULA MERMELADA ANTXOAREKIN

Tipula marmelada
Osagaiak: Tipula (gorria hobe), azukrea eta limoia.
Tipulak zuritu, txiki-txiki egin eta su baxuan jarri ondo potxatu arte (2 edo 3 ordu). Behin potxatu eta gero turmixetik pasa eta gero pasa-pure edo txinotik.
Tipula pisatu eta tipula kiloko 400 gr. azukre eta limoi erdi bat erantsi. Berriro sutan jarri loditu arte.
Mermeladak kontserban mantentzeko:ontziak eta tapak egosi (20 min irakiten) eta bero daudela banan bana mermeladaz bete eta 24h buruz bera mantendu. Hilabete pasa ondoren goxoagoak egongo dira!

Antxoa patea
Osagaiak: Antxoak latan, oliba olioa, oliba berdeak, 80 gr. piper gorria (labean egina edo ontziratutakoak)
Antxoen lata ireki eta olioa kendu (olioa ona bada erabili daiteke). Antxoak txikitu eta pisatu; 120 gr. antxoako, 30 gr. olio, 50 gr oliba, 80 gr. piper.
Dena batera turmixetik pasa eta gero pikatzaile elektriko batetik, fin-fina gera dadin.
Pateak kontserban mantentzeko: ontziak eta tapak egosi (20 min irakiten)eta atera. Patearekin bete eta presiozko lapikoan urez estalita 15min eduki.

Pintxoaren muntaia: ogi xigortua, tipula mermelada geruza bat, erdian antxoa pate marra bat eta gainetik ozpin erredukzio tanta batzuk.

On egin!

AntiguaOtarrak2 jaio da!

AntiguaOtarrak2 taldea duela hilabete batzuk sortu zen eta iritsi da gure berri izateko garaia.

Hogei bat lagun gara hainbat aldiz bildu garenak. Ez dugu lanketa haundirik egin gaiaren inguruan baina gauzak ezinhobeto atera zaizkigu hasiera-hasieratik. Gure taldeko partaide batzuen bidez hainbat ekoizleren berri izan genuen eta haiekin bildu eta haien baserriak ezagutu ondoren Errezilgo ekoizlea aukeratu genuen. Horren ondoren, beste behin egin diegu bisita Joxerra eta Arrateri euren Errezilgo paradisu txikira eta berriro ere merienda eta guzti pozik atera gara handik.

Azkeneko bisitaldi hartan zenbait gauza finkatu ondoren bi aste daramatzagu iada otarra antiguoko frontoian jasotzen. Ekoizle honek barazkiez gain beste hainbat produktu ere jartzen dizkigu eskuragarri, hala nola, ogia, arrautzak, oilaskoa, sagar mermelada, muztioa… dena beraiek era ekologikoan sortua. Beste ekoizle batzuekin ere harremanetan jarri gara dagoeneko eta espero dugu laister gazta ere etxean edukitzea. Hau oraindik hasiera besterik ez da eta lan asko dugu egiteko, hala ere animotsu gaude!!!

(Ikusi hemen banaketaren argazki pare bat)