Kategoriaren artxiboak: jasangarria

Baratzea da plaza.

Munduan zehar baratze komunitarioen onura sozialak zabaltzen ari direnean, hiriak berdetzeko beharra inoiz baino handiagoa denean, Trinitate plazako auzo baratzearen aurrean Donostiako udalak jarrera guztiz itxia hartu du .
 

Hona Auzo Baratzeko lagunek igorri diguten testua. Irakurri eta zabaldu, On ekin!

AUZO BARATZA: NOR GAREN ETA ZER EGIN DUGUN

Urgullpeko gazteak eta Haraino Astialdi Taldeko lagunak elkartu ginen Ez Dugu Non mugimenduan lan egiteko. Izenak argi adierazten du gure jarduera kolektiboak aurrera eramateko leku faltan ginela. Salatu ere nahi genuen auzoa eta dituen baliabideak administraziotik bestelako interesen mendean jartzen direla. Hori gainditzeko, Trinitate plazan Auzo baratza prestatzen hasi ginen. Orain auzoko gazte eta heldu gehiago hurreratu zaizkigu parte hartzaile, baita beste inguruetakoak ere.

Apirilaren 23an Jakoba Errekondoren hitzaldia antolatu genuen, garen kaletarrontzat baratzaren inguruko zalantzak argitzeko. Eta ondoren, auzolanean, Trinitate plazaren bolatokiaren (egun aldalekua) gaineko lursaila garbitu genuen. Lan handia izan zen, urteetan erabat utzia egon den txokoa delako eta bertatik zabor zakukada (plastikoak, kristalak, xiringak…) ugari atera genuen. Hurrengo egunetan ere, auzolan jardunean, beste lan asko burutu genituen lur hura txukuntzen, ontzen eta baratza txiki bat sortzeko behar ziren guztiak bideratzen.

DSC00874

HELBURUAK

Baratza sortzearen helburu nagusiak hiru izan dira:

1)    Auzotarrak bereziki taldeko lan osasuntsu eta baikorrean bilduko dituen gunea sortzea. Horretarako guztiz lagata zegoen lur pusketa berreskuratu eta euren esku jarri nahi izan dugu.

2)    Auzoan dagoen aisialdi eskaintza eskasaren aurrean, aisialdi alternatiboa sortzea. Administrazioaren aldetik gure auzoa hiri osoko olgantzara eta turismo gero eta handiagoren eskakizunetara bideratuta dago. Bertakook, aldiz, oso aukera urriak ditugu aisialdia era osasungarrian garatzeko. Gazteen artean hutsune hau nabarmena da. Tabernetan ibili baino, baratzean lanean aritzea askoz egokiagoa dela uste dugu.

3)    Donostiako hiri espazio batean gazte, haur eta helduengan naturarekiko harreman zuzena sustatzea, gizarte heziketaren alderdi oso interesgarria dela iruditzen zaigu.

AURRERA BEGIRA

Orain arte udal administrazioak gurekin izan duen jarrera ukazioa izan da: hasierako lan horiek lortutakoa suntsitu egin zuten udal langileek. Horregatik orain baimen formala eskatzeko tramiteak martxan jarri ditugu. Baina zuekin harremanetan jartzea erabaki dugu, gure ekimenaren alde ager zaitezten eta auzo baratza babes dezazuen eskatzeko. Egitasmoa zenbat eta anitzagoa izan, orduan eta aberasgarri eta indartsuago baita denontzat.

Jakoba Errekondo Txantxarrekan

12189585_921495241278381_721229944770033515_nAtsegin eta argia, horrelaxe mintzatu zitzaigun Jakoba Errekondo Txan Txarreka gaztetxean.

Antiguaotarrak kontsumo taldean bertako eta garaiko produktuak kontsumitzen ditugu. Arrazoi asko ditugu horretarako, bai osasunari bai ingurumenari lotuak. Nork daki nondik datorren supermerkatuan saltzen diguten tomatea? Nork daki zer bota dioten sagarrari supermerkatuko apaletan hain itsura distiratsua edukitzeko? Zeinek esan dezake Galiziatik datorren arrautza bat ekologikoa denik, egiten duen Km mordoarekin?

Baina ez hori bakarrik, gizarte eredu, kultura eta jakintza asko datoz aukeratzen dugun ekoizpen moduari loturik. Baratzagintzak oinarrizko behar bat asetzeaz gain beste helburu batzuek betetzera bideratzen gaitu. Pentsatu a duzu inoiz “baratzea aire librean dugun gimnasiorik onena” dela? baratze bat zaintzea “arro egoteko arrazoi bat” dela edo “gaur egun, iraultzailea den gauza bakanetako bat baratzea” dela?

Jakoba Errekondoren liburuak guzti honen inguruko hausnarketa eragiten du baratzagintzan lagungarri baino gehiago diren trikimailu eta aholkuekin batera eta guretzat aitzakia bat izan zen baratza, barazki, gizarte eta gaur egungo egoeraren inguruko solasaldi atsegin eta motibagarri baterako.

Bizi baratzea liburua ez da baratzagintzarako liburu bat besterik ez. Bai, bertan aurki dezakegu zer, noiz eta nola landatu baina “instrukzio” orri bezala pausuz pausu jarraitzeko baino, gure logika eta zentzumenak esnatzeko gonbite bat da, ezer berririk asmatu gabe, gure inguruan, naturan dagoenari erreparatu eta honek erakusten digunari jarraitzeko. Ez dugu lurraren analisi fisiko-kimikorik behar tomate bat non landatu behar dugun jakiteko, “katua non, tomatea han”!

Baratzagintza alde batera utziz, ekoizpenaren beste aldean dagoenari buruz hitz egiteko aukera ere izan genuen, kontsumoaren inguruan alegia. Legasseren hitzak gurera ekarriz, “jatea ekintza politiko eta borroka iraultzaile bat da. Elikatzeko dugun maneraren arabera egokitzen gara jendartera”. Kontsumitzen duguna aukeratuz, ekoizpen mota bat eta bizimodu jakin bat hautatzen ari gara, aukeratzen dugun gizarte ereduaren isla eta hau lortzeko tresna batean bihurtzen delarik. Honekin zuzenki loturik dago Jakobak luzatu zigun aholkua: “politiko batek herriaren alde edo bere alde lan egiten duen jakin nahi baduzu, galdetu zer jaten duen”.

On ekin

Hemen duzue hitzaldi osoa mp3anhttps://soundcloud.com/antiguaotarrak/jakoba-errekondo-txantxarreka-gaztetxean