Kategoriaren artxiboak: lurra

Baratzea da plaza.

Munduan zehar baratze komunitarioen onura sozialak zabaltzen ari direnean, hiriak berdetzeko beharra inoiz baino handiagoa denean, Trinitate plazako auzo baratzearen aurrean Donostiako udalak jarrera guztiz itxia hartu du .
 

Hona Auzo Baratzeko lagunek igorri diguten testua. Irakurri eta zabaldu, On ekin!

AUZO BARATZA: NOR GAREN ETA ZER EGIN DUGUN

Urgullpeko gazteak eta Haraino Astialdi Taldeko lagunak elkartu ginen Ez Dugu Non mugimenduan lan egiteko. Izenak argi adierazten du gure jarduera kolektiboak aurrera eramateko leku faltan ginela. Salatu ere nahi genuen auzoa eta dituen baliabideak administraziotik bestelako interesen mendean jartzen direla. Hori gainditzeko, Trinitate plazan Auzo baratza prestatzen hasi ginen. Orain auzoko gazte eta heldu gehiago hurreratu zaizkigu parte hartzaile, baita beste inguruetakoak ere.

Apirilaren 23an Jakoba Errekondoren hitzaldia antolatu genuen, garen kaletarrontzat baratzaren inguruko zalantzak argitzeko. Eta ondoren, auzolanean, Trinitate plazaren bolatokiaren (egun aldalekua) gaineko lursaila garbitu genuen. Lan handia izan zen, urteetan erabat utzia egon den txokoa delako eta bertatik zabor zakukada (plastikoak, kristalak, xiringak…) ugari atera genuen. Hurrengo egunetan ere, auzolan jardunean, beste lan asko burutu genituen lur hura txukuntzen, ontzen eta baratza txiki bat sortzeko behar ziren guztiak bideratzen.

DSC00874

HELBURUAK

Baratza sortzearen helburu nagusiak hiru izan dira:

1)    Auzotarrak bereziki taldeko lan osasuntsu eta baikorrean bilduko dituen gunea sortzea. Horretarako guztiz lagata zegoen lur pusketa berreskuratu eta euren esku jarri nahi izan dugu.

2)    Auzoan dagoen aisialdi eskaintza eskasaren aurrean, aisialdi alternatiboa sortzea. Administrazioaren aldetik gure auzoa hiri osoko olgantzara eta turismo gero eta handiagoren eskakizunetara bideratuta dago. Bertakook, aldiz, oso aukera urriak ditugu aisialdia era osasungarrian garatzeko. Gazteen artean hutsune hau nabarmena da. Tabernetan ibili baino, baratzean lanean aritzea askoz egokiagoa dela uste dugu.

3)    Donostiako hiri espazio batean gazte, haur eta helduengan naturarekiko harreman zuzena sustatzea, gizarte heziketaren alderdi oso interesgarria dela iruditzen zaigu.

AURRERA BEGIRA

Orain arte udal administrazioak gurekin izan duen jarrera ukazioa izan da: hasierako lan horiek lortutakoa suntsitu egin zuten udal langileek. Horregatik orain baimen formala eskatzeko tramiteak martxan jarri ditugu. Baina zuekin harremanetan jartzea erabaki dugu, gure ekimenaren alde ager zaitezten eta auzo baratza babes dezazuen eskatzeko. Egitasmoa zenbat eta anitzagoa izan, orduan eta aberasgarri eta indartsuago baita denontzat.

AIREPORTU ETA LUR DESJABETZARIK EZ!

Elkartasuna eta indarra NDDLeko nekazari eta bizilagunei.

Duela 40 urte jarri zen martxan Bretañako Notre-Dame-Des-Landes inguru honetan nazioarteko aireportua eraikitzeko proiektua. Beste hainbat lekutan bezala, azpiegitura hau eraikitzeko nekazal lurren desjabetzeari ekin zioten bertako bizimodu eta natur ondarea arriskuan jarriz.

Honen aurrean ZAD (Zone À Défendre) izeneko erresistentzia gunea antolatu zen. Urte hauetan gorabeherak izan dira. Baserritarren lurjabetzeak burutu dira baina aldi berean proiektu zentzugabe honen aurkako elkartasuna eta indarra handituz joan da aurrekaririk gabeko mugimendua sortuz: gaur egun 200 nekazari eta abelzain inguru bizi da ZADean, bertako biztanleei, desjabetutako lurrak okupatu eta landuz erresistentzia aktibo bat egiten duen jendea gehitu baitzaio, momentu kritikoetan 45.000 lagunetik gora biltzeko ahalmena izan dutelarik.

1936126_842457369195977_7552949523959209737_n.jpg

duela hilabete La Via Campesinako delegaritzarekin batera bertan izan ginenean herrialde guztietan istorio berdina errepikatzen dela ikusi genuen. Enpresa handi baten interesak, zentzugabeko makroproiektu bat, gobernuaren onespena eta lur emankor eta aberatsen suntsipena, besteak beste. Euskal Herrian ere baditugu horrelakoak: AHTa, frankinga, erraustegia, Donostiako metroa, …

Urtarrilaren 13an berriz ekingo diote epaiketari eta biztanle historiko eta ZADistek okupaturiko lurren desjabetza prozesua berrartuko dute. Hori dela eta mobilizazio ugari deitu dira bai ZADean bertan baita beste hainbat lekutan ere. Euskal Herrian, Baionan izango da elkarretaratzea Herriko Etxearen aintzinean. Horrelako egoeretan ezinbestekoa da borrokak batu eta denok norabide berean indar egitea.

12279045_830834357024945_3767417500592402665_n.jpg

Horregatik, keinu xumea bada ere, AntiguaOtarrak kontsumo taldetik gobernuen onespenarekin enpresa handien interesei besterik erantzuten ez dion eredu hau salatu eta Notre-Dame-Des-Landes eta mundu osoan zehar horrelako proiektu zentzugabeen ondorioak jasan behar dituzten baserritar eta herritarrei elkartasuna adierazi nahi diegu.

Baionako deialdia: urtarrilaren 13an, 18:30etan, Baionako herriko etxearen aintzinean.
Informazio gehiago:
https://www.facebook.com/nonaeroportNotreDamedesLandes/?fref=ts
http://zad.nadir.org/?lang=es

Baserritarren borrokaren nazio arteko egunean TTIPari ez!

ttip ez1996ko apirilaren 17an, 19 baserritar hil zituen Brasilgo poliziak, lantzeko lurra eskuratzeko eskubidearen alde manifestatzen ari zirenean. Orduzkero, urtez urte, egun honetan baserritarren borroka eguna ospatzen da, elikadura burujabetzaren alde, persona horiek bezala lurra elikagaiak lortzeko zaintzen dutenen alde egin eta babesa emateko.

 

Aurten herrien burujabetzaren aurkako eraso berri baten aurrean, EB eta EEBBetako ordezkari politikoak multinazionalen mesederako negoziatzen ari diren itunaren aurka egindako deialdiarekin bat egiten dugu. Merkataritza eta Inbertsiorako Intun Transatlantikoak, TTIP-ak, bi lurralde hauen artean edozein motatako produktuak exportatu ahal izateko ateak irekitzen ditu, honek giza eskubide, elikadura segurtasun, ingurumenaren babesean eta beste hainbat arlotan murrizpenak ekarriko dituelarik. Argi dago auzi honetan herritarrak garela galtzaile, bai ekoizle, bai kontsumitzaile, edo langile garen heinean. Irabazle bakarrak empresa handi eta multinazionalak eta hauengandik etekina lortzen duten enpresari eta politikariak besterik ez dira.

 

Guzti honengatik Antiguaotarrak kontsumo taldeak bat egiten du apirilaren 18an burutuko den nazio arteko TTIParen aurkako ekintza egunarekin eta 12:00tan Donostiako Boulebarrean burutuko den manifestaziorako deialdia luzatzen dizuegu.
 TTIPari EZ! Informatu antolatu eta eragin!
ON EKIN

 

Info gehiago: