AntiguaOtarraken 1. dokumental emanaldia

Atzo antiguaOtarraken lehenengo dokumental emanaldia izan genuen. Bertan “La isla de las flores” eta “¿Que comemos hoy?” dokumentalak ikusi genituen. Lehenengoan gaur egungo gizartearen desoreka eta bidegabekeria azaltzen zaigu, Japonen ekoiztutako tomate baten ibilbidea Brasileraino jarraituz (Ikusi). Bigarrenean, gaur egungo ekoizpen sistemak azaltzen dizkigu, tradizionala, teknologia berriak eta ekologikoa alderatuz (Ikusi).
Dokumental emanaldia izateaz gain, hausnarketa eta eztabaidarako gune bat lortu nahi dugu ekintza honekin eta hasierako lotsa gainditu ondoren, bi gauza argi gelditu ziren:
– Daukagun informazio falta: askotan ez dakigu nola ekoiztu diren erosten ditugun produktuak, nondik datozen, zein produktu da garai bakoitzekoa…
– Kontsumitzaile bezala gizartean eragiteko dugun aukera: azkenaldian, ekoizle handiak dira zer kontsumitu behar dugun erabakitzen dutenak, baina zentzuz kontsumituz gu izan gaitezke nola ekoiztu behar duten erabakiko dugunak.
Guzti honen ondorio bezala, kontsumo taldeak eta antzeko ekimenak bultzatuz bide honetik goazela baieztatu genuen eta aurrera jarraitzeko gogo berrituekin atera ginen. Eta zergatik ez, agian horain arte hausnarketa hau egin ez zuen batenbatek hemendik aurrera zerbait erosterakoan nola ekoiztua den eta nondik datorren begiratuko du.

Laster arte

antiguaOtarrak Zineforuma

Kaixo denoi!

Esan bezala, antiguaOtarrak kontsumo taldearen helburuetako bat, kontsumoaren inguruko gure ikuspuntua zabaltzea da eta horretarako hainbat ekintza antolatuko ditugu urtean zehar. Urteko lehenengo ekintza Antiguako jaietan Patata Tortilla Lehiaketa antolatzea izan zen. Aste honetan berriz antiguaOtarrak-en zineforumari ekingo diogu.

Gure asmoa, hilabetero gaur egungo kontsumo eta gizarte ereduaren inguruan hausnarketa eragingo diguten dokumental edo filmak proiektatzea da.

Hilabete honetarako aukeraturiko dokumentala ¿Que comemos hoy? da. Dokumental honek, produktu gehiago saltzeko edo diru gutxiagorekin produktu gehiago ekoizteko gaur egun erabiltzen diren sistema desberdinak azaltzen dizkigu, besteak beste, zein garrantzitsua den beraientzat piperrak zutik mantentzea edo nola aukeratzen duten tomatea dendan iraun dezaken denboraren arabera, zaporea edo osasuna alde batera utziz.

Beraz, dokumentala ikusi eta ondoren sortu daiteken elkarrizketara gonbidatu nahi zaituztegu, denon artean kontsumo arduratsuago batera bideratu gaitzaketen truko edo aholkuak ikasteko.

Izenburua: ¿Que comemos hoy?
Eguna: 2011ko otsailak 17, osteguna
Ordua: 19:30
Lekua: Antiguotarrak elkartea
Iraupena: 50 min

Neguko barazkiak

Kontsumo talde baten partaide izanez gero, argi dago zeintzuk diren garaian garaiko produktuak: otarrean datozenak! Baina arrazoi desberdinengatik kontsumo talderen batean parte hartzeko aukerarik ez duenarentzat, hona hemen Euskal Herriko barazki eta frutuen egutegia (Kontsumo iraunkorrerako gidatik hartua)

Ikusiko duzuenez, neguan azak, azaloreak, zerbak (azelgak), kalabaza, espinakak… ditugu. Urtaro bakoitzean barazkiak prestatzeko ikastaroak egitea da gure asmoa, baina bitartean, zer egin nire barazki otarrarekin blogean ideia interesgarriak aurki ditzakezue.

Denon artean, barazkiak prestatzea erraztuko digun bilduma bat sor dezakegu, beraz, denokin partekatu nahi duzun ideiaren bat izanez gero, erantsi iradokizunetan edo bidali antiguaotarrak@gmail.com era eta guk zintzilikatuko dugu.

On egin!

Patata Tortilla Lehiaketa

Urtarrilaren 21ean, Antiguako jaien barruan patata tortilla lehiaketa antolatu genuen. Lehendabizi Maddik prestatutako bideo bati esker kontsumo taldearen nondik norakoak ezagutu genituen eta ondoren, epaimahaiaren lan “gogorraren” ondoren, irabazleak ezagutu genituen Txikiren eskutik.

Lehenengo saria Ixaxkun Intxaustik eraman zuen eta bere hitzetan, tortilla paregabeak egiteko trukoa “bertako produktu ekologikoekin egitea”. Argazkietan ikus dezakezue zein itxura ona zuten denek! Beraz, animatu bertako produktuak eta garaian garaiko produktuak erabiltzera, gizarte justuago bateruntz hurratsak emateaz gain, osasunean eta zaporean nabaritzen da eta!

On egin!

Maddi, Txiki, Epaimahaikide, Dokako lagun eta parte hartzaile guztiei MILA ESKER!