ANTIGUAN ERE KONTSUMO ARDURATSU BATEN ALDE!

Antiguako talde bat garenez, bertako jaietan parte hartuko dugu. Aurten, tortilla lehiaketa antolatu dugu, urtarrilaren 21ean, ostirala, arratsaldeko 7tan DOKAn.

Bertan parte hartu nahi izanez gero, tortilla ederbat eramatea da baldintza bakarra eta noski, antiguaOtarrak kontsumo taldetik produktu agroekologikoekin egitea gomendatzen dizuegu, hauen zapore eta kalitateak saria irabazteko aukera handiagoak emango baitizkizu!

Saria “Otar agroekologiko” eder bat izango da, astigarragako Lizardi baserriko barazkiz eta beste hainbat produkturekin osatuta: Jexux Agirresarobek ekarritako Usurbilgo arrautzak, Aiako Orortegi baserriko gazta eta intxaurrak…
Horretaz gain, kontsumo taldearen inguruko informazioa emateko bertan egongo gara beraz interesa baduzue aukera paregabea izango da!

Eta hau hasiera besterik ez da. Hemendik aurrera kontsumoa, elikadura, jasangarritasuna eta hauekin erlazionaturiko gaien inguruan kanpo ekintzak antolatzeko asmoa dugu (bideo emanaldiak, ikastaroak, hitzaldiak…) Beraz adi egon asko bait gara gizarte arduratsuago baten alde lan egin eta parte hartzeko prest gaudenak!

Ondo izan eta jai onak pasa!

Kontsumo taldeak: zergatik? zertarako?

Gaur egun, kontsumismoa bultzatzen duen gizarte eredu batean bizi gara. Etengabe jasotzen ditugu gehiago kontsumitzeak zoriontasun handiagoa emango digula dioten mezuak, iragarkietan, telebistan… Guzti honek benetakoak ez diren beharrak sortu dizkigu: benetan behar al dugu urtero mugikorra aldatzea? Benetan behar al dugu oporretan planetaren beste puntaraino joatea? Ezinbestekoa al da zoriontsu izateko tomateak urte osoan jatea?

Gure “behar” berri hauek asetzeko burutzen ditugun ekintzek ondorio latzak dituzte bai gizartean eta baita planetan ere. Planetaren baliabideak mugatuak dira eta banaketa ekitatibo batean dagokigunaren gainetik bizi gara. Hori posible egiteko beste batzuei dagozkien baliabideak gureganatzen ditugu. Inoiz ez al duzu pentsatu baliabideak eta gainontzekoen lana gure “beharretara” moldatu beharrean, horrek dakartzan ondorioekin (langileen eskubideak urratzea, bioaniztaasunaren desagerpena, beste lurraldeekiko dependentzia…), gure bizitza planetak eskaintzen dituen aukeretara moldatu beharko genukeela beste inoren eskubideak zapaldu gabe?

Gaur egun gizartean eragiteko dugun modu zuzenetako bat kontsumoa da. Gure kontsumo ereduarekin orokorrean gizarterako nahi ditugun baloreak adierazi ditzakegu (langileen lan baldintza justuak, ingurumenaren babesa…). Eta guzti hori kontutan hartuta kontsumitzeak ez du atzera pasu bat esan nahi. Alderantziz, zentzuz kontsumituz, gizartearentzako, planetarentzako eta gure osasunarentzako onurak izango ditugu, ohituretan aldaketa txiki batzuen truke. Eta honetaz ohartzean, eta gizartearen iraunkortasunerako zein beharrezkoa den ikusirik, geroz eta jende gehiagok ekingo dio kontsumo arduratsuari.

Gure kontsumoaren zati handi bat elikadurari zuzenduta dago. Egunero jaten dugu, baina zer jaten dugu? Nola dago ekoiztua jaten dugun hori? Gure kontsumo ereduarekin zein ekoizpen eredu ari gara bultzatzen?

Orokorrean bi eredu mota daudela esan dezakegu: Bata eredu neoliberala, miloika nekazariren eskubideak urratuz enpresa haundi gutxi batzuen esku dagoen nekazaritza industriala bultzatzen duena. Bestea aldiz elikadura burujabetzan oinarritutakoa, hau da, elikagaiak ekoiztu, banatu eta kontsumitzen dituzten pertsonak elikadura sistema eta politiken erdigunean jartzen dituena, merkatuen eta enpresen eskakizunen gainetik. Azken honek nekazaritza agroekologikoa bultzatzen du, tokian tokiko eta garaian garaiko produktuak ekoizten dituena, beti ere langileen eskubideak bermatuz.

Beraz, aukeratu zure kontsumo eredua eta egin lan gizarte justuago eta jasangarriago baten alde!

Ikastaro interesgarriak


Kaixo!

Ikastaro interesgarri askoren berri jasotzen ari gara eta blogean jartzea erabaki dugu interesgarriak izango direlakoan. Hona hemen datorren hilerako EHNEk antolatu duten bat!

Ikastaroa: HAZI eta LANDARE ekologikoen AUTO-EKOIZPENA

URRIAK 14 eta 15, 2010
9:00 tatik – 14:00 tara

IKASTAROAREN ARDURA: Zaira del Rio

TOKIA: LEUNDA BERRI BASERRIA, BEIZAMA

Izena emateko: Maider 943654281 ebel@ehneg.net

Aste honetako saskian: Potxak!

Atzo otarra jaso eta ze sorpresa! potxak! eta potxekin batera zalantzak: nola prestatzen dira? Baina taldean poliki poliki elkar ezagutzen ari gara eta aurrekoan egin genien bisitari esker Javik ere ezagutzen gaitu! Horregatik ez da detailerik falta izan: potxak errezeta eta guzti iritsi dira! Mila esker Javi & company!
Jarraian potxak prestatzeko errezeta jarri dizuet. Uste baino errazagoa! Eta honekin Errezeten Atala irekita gelditzen da! Bidali zuen errezetak antiguaotarrak@gmail.com era eta blogaren bitartez guztiekin partekatuko ditugu. Edozein errezetak balio du baina gogoratu, beti garaian garaiko eta tokian tokiko produktuekin! Bat baino gehiagori oso ondo etorriko zaigu eta beraz animatu!!!
OSAGAIAK:
– Potxak
– Piper berde bat
– Tipula bat
– Tomate bat
– 4 goilarakada olio
– Gatza
NOLA EGIN:
Kazuelan potxak jarri, osorik gehitu tipula, piperra eta tomatea. Gehitu ura (bi behatz potxa gainetik), olioa eta gatza.
30 minutu su txikian, burbuila txikikin.
Gero berdurak atera eta batidorarekin pure bat egin, berriro potxetara bota eta beste 10 minutu gehiago.
On egin